Skip to main content

EQUIMERCADO PANELA, MODAKO GOZAGARRIA

09/2023 - Navarra



Adsis Fundazioaren ekimenez bidezko merkataritzako produktuak merkaturatzeko sortutako EquiMercado, 1998tik panela ekologikoa saltzen du. Honek jakiak gozatzeko balio du eta urtez urte gero eta kontsumitzaile gehiago ditu.

Equimercado, Maquita erakundearen bitartez hasi zen panela inportatzen. Ekonomia soziala eta solidarioa duen Ekuadorreko erakunde honek, 381 komunitate eta 275 mila familia batzen ditu. EkiAzokako zuzendaria den Jordi Serenaren hitzetan, “produktu honen arrakastak 2015ean panela ekoizle gehiago bilatzera behartu gintuen, eskaera izugarria baitzen eta Maquitak ezin baitzion eskariari erantzun”. “Une horretan –eransten du– CAES Piura Peruko nekazariez osatutako elkarteak gurekin kontaktua egin zuen, panela esportatzeko laguntza behar zuela esanez. Beraien bazkide kopurua handiagotu egin zutela baina merkatu nazionalean beraien produktua oso merke ordaintzen zietela”.

Ordutik aurrera EkiAzokak CAES Piurako partaideekin lana egin du, besteak beste, Europako merkatuari buruzko informazioa emanaz, salgaiak aurrez ordainduaz, urteko erosketa kopuru bat eta urteko plangintza bermatuaz eta ekoizpen kate osoan aholkuak emanaz. Egun CAES Piurak dagoeneko urtean 100 tona panela esportatzen ditu, atzerrian bere bezeroak ugaritzen ari da eta Frantzian ere saltzen du.

Oraindik orain Jordi Serna Perura joan da CAES Piura taldearekin lana egiteko. "Homogeneizatu eta ontziratze lerroa nola ezarri aztertzen eta azken produktuaren kontrolei buruz aholkatzen aritu gara". "Gainera –eransten du– nekazariek landatzen dituzten beste produktu batzuekin frogak egiteko ere baliatu dugu bidaia hau. Produktu hauekin beraien negozio-lerroa dibertsifikatzeko asmoa dute, soilik panelaren menpe gelditu ez daitezen". "Sinestezina da –ondorioztatzen du Jordik – CAES Piurako bazkide guztiek gauzatzen duten lana. Azukre-kanabera zukua ateratzeko eta panela ateratzeko bazkide hauen instalazioak ondo egindako lanaren eredu dira. Higiene arloan inguruko azukre-kanabera errotekin alderatuz maila handiagoko eskakizunak betetzen dituzte; kontzientzia ekologiko oso argia dute, beraien lurra eta laboreak zaintzearen beharra azpimarratzen dute; lursail txikiak baina oso ondo zainduak dituzten langileak dira, esperientzia handia eta asoziazio-lan oso indartsua dutenak. Beraien produktuaz eta azken emaitzaz oso harro daude".

Jordirekin elkarrizketa amaitzeko, bidezko merkataritza eta nekazaritza ekologikoari buruz estatu mailako kontsumitzaileen kontzientziazio mailari buruz galdegin diogu. "Bidezko merkataritza  ezagutarazten urte asko daramatzagun arren, batez ere Estatu mailako Bidezko Merkataritzaren Koordinatzailearen bitartez, biztanleriaren ezagutza oraindik ere eskasa da". "Nekazaritza ekologikoak, aldiz, salmenta mailan eta honi buruz biztanleriak duen ezaguerak hazkundea izan du, gero eta kontzientzia gehiago dugu elikadurak gure osasunean duen garrantziaz".




ZE EZBERDINTASUN DAGO PANELA ETA AZUKRE BELTZAREN ARTEAN?

Panela, azukre-kanaberaren zukua lurruntzean lortzen den produktua da, ez zaio ezer eransten ezta ezer kentzen ere; alegia, azukre-kanaberaren bitamina eta mineral guztiak mantentzen ditu.

Ostera, supermerkatuetan saltzen den kanabera-azukre gehiena, berez azukre zuria da, marroi kolorea izan dezan melaza erantsia duena.

Panela antzematea oso erraza da, usain atsegina du. Aldiz, supermerkatuetako kanabera-azukreek, gozoaz gain, ez dute usainik ezta zaporerik ere.

Beste ezberdintasun garrantzitsua ekoizlea da, beraien lan baldintzak eta inguru giroa. Supermerkatuetako azukreak monolaborantzetan du jatorria, hauetan pestizida kopuru handiak erabiltzen dira, laborearen erretzea burutzen dute, lurra ahitzen da eta azukrea lortzeko erregai fosil kopuru handiak behar izaten dituzte azukrea lortzeko. Panelak, aldiz, kanaberaz gain ez du apenas erregairik behar zukua lurruntzeko.


Panela erosi